Idea Bat elkarteak garatu du egitasmoa Miriam Martínez Guirao eko-artistarekin elkarlanean, hiritarrengan ingurumenaren aldeko azturak sustatzen dituzten sentsibilizazio eta kontzientziazio estrategietan sakontzeko.

Horretarako, naturarekin toki jakin batean izandako elkareraginak aktibatzen dituen “emozio transzendenteekin” lan egiten dugu, eta Urdaibaiko biosfera erreserban zehar aukeratutako zenbait lekuri ematen zaien babesaren nondik-norakoak azaldu.

2016. urtean, klima-aldaketak espainiar estatuko biztanleen ehuneko 3 besterik ez zituen kezkatzen. Ingurumen-psikologiaren arabera, alabaina, lehentasunezko hiru ildori heldu behar zaie alor horren gaineko kontzientzia pizteko. Proiektuak hezkuntzarako balioa eta ingurumenerako garrantzia duten konpromisoetan jartzen du arreta, autokontrol, atzeraelikadura, monitorizazio eta jarraipen teknikak erabiliz. Ingurumenaren aldeko jarrera sustatzeko estrategiarik onenetarikoa testuinguru aldaketa bat oinarri duen dilema bat sortzea da. Ingurumenarekiko kontzientzia urrun dago gugandik, ingurumenaren arazoak gure testuingurutik urrun dauden bezala. Eta horrek geure bizimoldeen “zuzentasunaren” konbentzimenduarekin zerikusia du. Honenbestez, genero ikuspegiko kontzientziaren beharra azpimarratu eta “ingurumen-rolei” garrantzia ematen die egitasmoak. Rol horien barruan, izan ere, tokiko esperientzia presenteari lotzen zaio jokamoldeen eta eszenatokiaren arteko akoplamendua.

  

Jardueren diseinuak “iragarpen-eredu situazionala” jarraitzen du, garatu dugun inkestan esperientzia positibo gisa aipatutakoa oinarri. Garrantzi handia ematen diogu naturarekin kontaktuan jartzeari, hala pizten baita esperientziarik hoberena: ikuspegia, jokamoldea eta balioak benetan eraldatzeko gauza dena. Plazerak markatu egiten du, eta minak ezabatu.

Hala, Urdaibaiko Biosfera Erreserba aukeratu dugu, Euskadiko Natura 2000 planaren barruan. Balio handiko altxor biologikoa gordetzen du erreserbak, ekosistema ugari barne hartzen baititu, fauna zein begetazio komunitate berezien bizileku izanik, oso espezie aipagarriak tarteko. Bertako 3 gune aukeratu ditugu, jarduerak burutuko diren ibilbideak eraikitzeko abiapuntu gisa. Urdaibaiko artadi kantauriarrak, Urdaibaiko padurak eta Matxitxako Lurmuturreko Urdaibaiko kostaldea.